Energia Komunitateen 10 Onura 

Energia-komunitateen eragin soziala: ekartzen dituzten 10 onura 

ARGITARATUA: 2023/ 05/ 19 ÓSCAR GÜELL 

Neutraltasun klimatikora trantsizioa ezin da teknologiaren eta merkatuen bidez bakarrik lortu. Herritarren eta tokiko komunitateen parte-hartzea ezinbestekoa da trantsizio hori eraginkorra eta bidezkoa izan dadin, eta guztiek beren onura ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak jasotzen dituztela bermatzeko. Energia-komunitateak lankidetza-eredu bat dira, zeinak herritarrak eta tokiko komunitateak energia berriztagarriko instalazioetan zuzenean partehartzea. Energia-komunitateek gizartean eragin handia izan dezaketenez, garrantzi handia dute gizartean, energia garbiaren ekoizpenetik harago. Hemen daude energia-komunitateen ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-onuren hamar adibide:

1. Energia-komunitateek tokiko energia eta energia garbia sortzen dute

Beren proiektuen bidez, energia-komunitateen helburu nagusia beren kideei lekuko energia garbira heltzea bermatzea da. Bere energia propioa ekoiztean, bere kideak energia-merkatuko prezioen gorabeheretatik babesten dituzte, eta hori bereziki garrantzitsua da gaur egun bizi dugun bezalako krisi-garaian. Esaterako, iaz, Belgikako energia-hornitzaile komertzialen prezioak Ecopower Belgikako energia-kooperatibarenak baino ezegonkorragoak eta garestiagoak izan ziren.

Gainera, eredu komunitarioak energia guztiona den ondasun komuna dela azpimarratzen du, zeinari guztiek izan beharko genukeen sarbidea. Kideak sarbide-eskubideaz jabetzen dira, baina baita energia ondasun urri gisa tratatzeko erantzukizunaz ere, zeinak energia aurreztea eta honen erabilpena optimizatzea sustatzen duen.

2. Energia-komunitateek tokiko kapitala sustatzen dute

Herritarrak eta tokiko komunitateko kideak proiektu eta zerbitzuetan inbertitzen ahalduntzean, energia-komunitateek tokiko kapitala mobilizatzen dute. Europa mailan, herritarrek 200.000 milioi euro baino gehiago mobilizatu ahal izango lituzkete hemendik 2030era trantsizio energetikorako.

Gainera, aurrezkiak energia berriztagarriko tokiko proiektuetan inbertitzeak bankuetan pilatutako dirua murrizten du, honela erregai fosilen bidezko energia proiektuen finantzaketa txikitzen da, egungo krisi klimatikoaren arrazoi nagusia direnak.

3. Energia-komunitateek tokiko garapena indartzen dute

Beren proiektu eta jarduerei esker, energia-komunitateek tokiko enpresen lehiakortasuna bultzatzen dute, oinarrizko sektoreak babesten dituzte, negozio-aukera berriak eta sinergiak sortzen dituzte, eta elkarlana sustatzen dute. Gainera, inbertsioen ondorioz, energia komunitateek enplegu berriak sortzen dituzte inguru hurbilean.

Ikerketaren arabera, komunitateek egindako proiektuek kanpoko aktore batek egindako proiektuek  baino 2 eta 8 aldiz diru-sarrera gehiago sortzen dituzte inguru hurbilean (eguzki-energiako eta energia eolikoko proiektuek frogatu duten bezala). Ekimen pribatu handiek ez bezala, zeinek sortutako irabaziak gehienetan erkidego edo herrialdetik kanpo transferitzen dituzten (inbertsioa non egiten den kontuan hartu gabe), energia-komunitateek tokian banatzen dituzte irabaziak. Bere soberakinak, oro har, komunitateko kideen eskuetara bueltatzen dira edo komunitatearen beharretan oinarritutako tokiko proiektuetan inbertitzen dira.

4. Energia-komunitateek ingurumena babesten laguntzen dute

Energia-komunitateek ingurumenarekiko enpresa pribatu handiek baino errespetu handiagoa izateko joera dute, eskala txikiagoko eta ingurura egokitutako proiektuak garatzen dituztelako, eta haien inpaktuak herritarrek eurek monitorizatu eta ebaluatzen dituztelako. Azken finean, herritarrek erabakitzen dute beren ingurumenaren gainean.

5. Energia-komunitateek energia aurrezten laguntzen dute 

Energiarik garbiena kontsumitzen ez dena da. Energia-komunitateek energia aurrezteari buruzko informazioa eta kontzientzia sortzen dute, eta beren kideen artean energia zentzuz erabiltzea sustatzen dute. 

Ikerketaren arabera, energia-komunitateetako kideek beste kontsumitzaile batzuek baino energia gutxiago erabiltzen dute. Gainera, komunitateek energia-eraginkortasuna handitzeko proiektuak eta zerbitzuak garatzen dituzte. Hau hobeto kudeatzen laguntzeko proiektu eta irtenbide berritzaileak sustatzen dituzte, hala nola mugikortasun partekatua, eskariari emandako erantzuna eta biltegiratzea.

6. Energia-komunitateek ingurumen-krisiari heltzen diote 

Iturri berriztagarrien proiektuak garatuz, baliabideen erabilera eraginkorra sustatuz, modu jasangarriagoan bizitzeko neurri holistikoak proposatuz (karbono gutxiko mugikortasuna, zero hondakineko praktikak, etab.) eta informazio- eta hezkuntza-kanpainak antolatuz,  komunitateak jasangarritasun-eskola bihurtzen dira eta krisi klimatikoa geldiarazteko beharrezko sistema eraikitzen laguntzen dute. Komunitateko energiari esker, herritarrek bere kabuz heltzen diote gaiari, elkarrekin jardunez klima-aldaketaren inguruan.

7. Energia-komunitateak pobrezia energetikoa borrokatzen ari dira

Jabetza komunitarioko energia-proiektu askok beren inguruan pobrezia energetikoan dauden etxeei laguntzen diete. Adibidez, 2021ean lurrikara batek Kreta uhartea jo zuenean, Minoan Energy Cooperativek lurrikarak kaltetutako 50 familien elektrizitate beharrak asetzea erabaki zuen.

Tokiko komunitatearen zati berezko gisa, energia-komunitateek kontsumitzaile kalteberak identifikatu ditzakete (askotan erakunde-programek alde batera utzitakoak) eta konponbide egokiak diseinatu. Izan ere, udal-proiektuak, zerbitzuak eta ekintzak komunitateekin lankidetzan garatzen direnean, haien eragina handiagoa da.

8. Energia-komunitateek energia berriztagarriak gizartean onartzen laguntzen dute 

Energia-komunitateek partaidetza sustatzen dute, eta aukera ematen diete bizilagunei energia garbiko proiektu berrietan parte hartzeko eta inbertitzeko. Bizilagunak proiektu baten lehen urratsetan inplikatzeak nabarmen handitzen du tokiko biztanleek energia berriztagarriak onartzea. Europako hamar herrialdetan egindako inkesta baten arabera, energia-iturri berriztagarrien onarpen soziala nabarmen handitzen da energia-komunitateen bidez, tokiko enpleguak sortzea eta energiaren prezioak murriztea bezalako aukerak direla eta.

9. Energia-komunitateek gizarte-kohesioa indartzen dute 

Parte-hartzeak eta energia-komunitateen barneko ekintzek gizarte-kohesioa areagotzen dutela dirudi, kideen arteko elkarlana eta harremana hobetu ahala. Energia-komunitate bateko kideek elkarrekin lan egiten dute eta nortasun komuna garatzen dute, zeinak komunitatearen baitan leialtasuna eta konfiantza eraikitzen laguntzen duen. Prozesu parte-hartzaileen bidez, banaka jorratzeko gai ez diren arazoei irtenbide kolektiboak aurkitzen dizkiete.

Gainera, komunitateko energia-proiektuek gizarte zabala partehartzera bultzatzen dute, herritarrei informazioa emanez eta energia berriztagarria ekoizteko eta aurrezteko proiektuen diseinuan parte hartzeko gonbita eginez. Tokiko herritarrek energia-komunitateek finantzatutako ekimenen onura jasotzen dute ere. Adibidez, zenbait energia-komunitatek kontzertu-areto jasangarri bat eraikitzea finantzatu dute, beste batzuek, berriz, bizikleta elektrikoentzako karga-gune bat eraiki dute.

10. Energia-komunitateek demokrazia indartzen dute

Komunitate energetikoak demokrazia-eskolak dira, beren gobernantza-ereduak herritarrak ohitzen dituelako prozesu parte-hartzaileekin erabakiak hartzera. Kideek energia-komunitatean parte hartzen dutenean, bizitzako beste arlo eta jarduera batzuetan aplika dezaketen ezagutzak eskuratzen eta trebetasunak garatzen dituzte. Energia-komunitateekin zuzenean edo zeharka lankidetzan aritzen diren tokiko erakundeek eta enpresek eragin positiboa jasotzen dute. Azkenik, berdintasunezko parte-hartzea babestean, energia-komunitateek adinarekin, generoarekin eta abarrekin lotutako desberdintasunak arintzen dituzte.

Energia-komunitateekin lotutako inpaktu sozial gehiago 

Honarte deskribatutako onurak Energia-Komunitateko proiektuek sortutako gizarte-onura ugarietako batzuk baino ez dira. Heinrich Böll Grezia Fundazioak eta ELECTRA Energy kooperatibak Grezian energia komunitateek duten eragin soziala aztertzen duen txostena argitaratu dute. Ikerketak 20 onura baino gehiago ditu eta Grezian praktika onenetako batzuk nabarmentzen ditu.